Skip to content

Euskadiko, Kataluniako eta Pirinio Atlantikoetako eta Okzitaniako sei erakundek abiarazi dute Know & Cheese proiektu europarra, jasangarritasuna sustatzearen bidez esne- eta gazta-ustiategi tradizionalen lehiakortasuna areagotzeko

  • Leartikerren Esneki Zentroa, Prosumerlab eta Hazi dira Know & Cheese proiektuan inplikatutako euskal erakundeak. Proiektu horrek 1.338.816,06 €-ko inbertsioa du orotara eta Europar Batasunak Interreg POCTEFA programaren bidez kofinantzatua da.

 

  • Proiektuak abiarazi berri du webgunea eta diagnostiko fase betean dago, jakiteko zer jakintza-maila duten ekoizle tradizionalek eta kontsumitzaileek esne-ekoizpenaren jasangarritasunari buruz.

POCTEFA Know N Cheese egitasmoak Pirinioen alde banatako 6 erakunde biltzen ditu, helburu bakar baten inguruan: esne- eta gazta-ustiategi tradizionalen lehiakortasuna areagotzea, jasangarritasuna sustatzearen bidez. Ildo horretan, abiarazi berri dute www.knowncheese.com webgunea. Webgune horrek proiektuaren barruko ekintzei, helburuei eta espero diren emaitzei buruzko informazio guztia biltzen du, eta berrikuntza guztiak helarazteko kanal bat izango da, udazken hasieran abian jarri zituzten sare sozialetako profilekin batera.

Esneki (Leartikerren Esneki Zentroa), Prosumerlab eta Hazi dira Euskadiko erakundeak; Katalunia aldetik, BETA Zentro Teknologiak (Viceko Unibertsitatea) parte hartzen du, eta Frantziatik, berriz, Idele (Institut de l’elevage) eta Interprofession lait de Brebis etxeek esku hartzen dute proiektu honetan, zeina Europar Batasunak kofinantzatzen baitu, Interreg POCTEFA (2021-2027) programaren bidez.

Know N Cheese proiektuaren lehen ekintzak 2024aren erdialdean jarri ziren abian, eta elikagaien jasangarritasunaren arloko jakintzaren, premien eta aukeren inguruko diagnostikoa egitea da ardatz nagusia. Duela hilabete batzuetatik hona, azterketa sakon bat ari dira egiten, jakiteko zer ezagutza-maila duten ekoizle tradizionalek eta kontsumitzaileek esnekien sektoreko jasangarritasunari buruz. Diagnostiko horri esker, artisau-gaztaren eta beste esneki batzuen kontsumitzaileen motibazioak eta erosteko portaera identifikatu ahal izango dira, eta, lortutako informaziotik abiatuta, zaintza teknologikoko proiektu bat garatu ahal izango da. Azterketa horretatik lorturiko emaitzak 2025eko lehen hiruhilekoan argitaratuko dira.

Know N Cheese proiektuaren gakoak

Know N Cheese proiektuak jakintza sortzen lagunduko du, sektorea gaitzeko eta kontsumitzaileen artean sentsibilizazioa pizteko ekoizpen horien jasangarritasun sozialaz, ekonomikoaz eta ingurumenaren aldekoaz.

Ekoizleen prestakuntza, beraz, funtsezko alderdia da proiektu honetan, baina halaxe da kontsumitzaileen gaikuntza ere. Know N Cheese programaren ekintza batzuek oinarri izango dute kontsumitzaileek produktu-mota hori erosterakoan zer motibazio dituzten hautematea eta osasunerako eta ekonomiarako onurei buruzko prestakuntza ematea, eta, horretaz gainera, kontsumo-erabakiak hurbiltasun-proposamenetara, artisau-elaboraziora eta kalitatezko lehengaiak baliatzen dituzten proposamenetara bideratzea. Egiten ari diren azterketarekin batera, kontsumitzaileekin askotariko inguruabarretan harreman zuzena edukitzea izango da sentsibilizazio progresibo hori bultzatzeko oinarrietako bat, eta hainbat ekintza egingo dira proiektua gauzatzeko aldian zehar.

Kontsumitzaileen joera eta lehentasunen ondorioz, produktu berrien garapena landuko da, eskualdeen arteko proiektu hau nabarmentzen duen berrikuntza-ikuspegiari jarraikiz.

Pirinioen alde banatako diziplina anitzeko erakundeen arteko lankidetza da proiektu honen beste gakoetako bat, zeina 2026 amaierara arte egongo baita indarrean. Berrikuntza da programa horren bereizgarri garrantzitsu bat, eta jardunbide eta soluzio berriak bilatzera bideratuko da, POCTEFA eremuko esneki-sektore tradizionaleko ETEak eta mikroETEak nabarmentzen dituen ekoizpen tradizionalari loturik. Bere ezaugarriak kontuan harturik, Know N Cheese eta haren emaitzak, aldi berean, eragin-lurraldeetako toki-ekonomia bultzatzeko bitarteko bat izango dira. Hala, erakargarritasun handiagoa emango zaio sektore horri, eta indartu egingo da lurralde-garapenerako eta lanpostu berriak sortzeko eginkizuna.

Klima-aldaketari buruzko saiakuntzak

Espero den beste funtsezko emaitzetako bat da informazio baliagarria lortzea klima-aldaketak esnekien ekoizpenean duen eraginari buruz. Horretarako, saiakuntzak egingo dira klima-aldaketak esnearen ezaugarri teknologikoei eta elikagaien segurtasunari nola eragiten ebaluatzeko, bai eta animalien ongizatean duen eragina aztertzeko ere. Horretaz gainera, esnekien ekoizpenak eta eraldaketak klima-aldaketan duten inpaktua aztertuko da.

Gomendatutako albisteak

Know N Cheese proiektuaren partzuergoak bigarren jarraipen-bilera egin du

2025eko urtarrilaren 15ean eta 16an, Know N Cheese proiektuaren partzuergoak aurrez aurreko bigarren jarraipen-bilera egin zuen
Primera reunión presencial

Know N Cheese proiektuaren partzuergoaren lehenengo bilera presentziala

Eskualde arteko proiektu honen partzuergoak bere lehenengo bilera presentziala egin zuen 2024ko ekainaren 13an eta 14an Centro Lácteo-Esneki