Skip to content

Markina-Xemein, artisau-gaztaren epizentroa urrian

Markina-Xemein, artisau-gaztaren epizentroa urrian

POCTEFA Know N Cheese proiektuak mugaz gaindiko ekitaldia egin zuen urriaren 22an, 23an eta 24an Markina-Xemeinen. Topaketa Facenetwork kongresuaren ondoren egin zen; kongresu hori lehen aldiz antolatu zen Euskadin, «Euskal esnekiak: tradizioa berrikuntzaren iturri» izenburupean. Testuinguru horretan, POCTEFA Know N Cheese proiektuak proiektuaren barruan egindako zenbait ekintza eta lortutako emaitzetako batzuk partekatu zituen, hainbat komunikazio teknikoen bidez. Kongresuari amaiera emateko eta mugaz gaindiko ekitaldiari hasiera emateko, aurreko jardunaldietan aurkeztutako Europako artisau-gazten dastaketa gidatua egin zen. POCTEFA Know N Cheese proiektuak dinamizatutako jarduera horretan ia 100 lagunek hartu zuten parte.

Mugaz gaindiko ekitaldiaren barruan, urriaren 22an, Esne-ustiategien eta artisau-gaztandegien jasangarritasuna eta sustapena izeneko jardunaldi teknikoa egin zen online. Saioan, José María Alonsok, QueRed: Queserías de Campo y Artesanas elkartekoak, Esnekiak: jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa izeneko hitzaldia eman zuen. Roberto Ruízek, Neiker erakundekoak, klimaren, ingurumenaren eta esne-ekoizpenaren arteko harremana izan zuen hizpide. Azkenik, Malen Sarasuak, Esneki Zentroa Leartiker zentrokoak, bere aurkezpenaren bidez sektorearen egungo egoera eta POCTEFA eremuko gaztagintzaren etorkizuneko erronkak aztertu zituen.

Saioaren amaieran, proiektuko bazkideek ere parte hartu zuten, eta POCTEFA Know N Cheese proiektuaren esparruan garatutako jarduerak azaldu zituzten. Jarduera horien helburua artisau-esneki eta gaztagintza sektorearen lehiakortasuna hobetzen laguntzea da, jasangarritasuna eraldaketaren oinarri gisa hartuta. Jardunaldi teknikoak 30 lagun bildu zituen. Ezin izan bazenuen parte hartu, saioaren grabazioa esteka honetan dago eskuragarri.

Artzaintza, POCTEFA eremuko gazteentzako etorkizuneko aukera

Hori izan zen mugaz gaindiko ekitaldiaren bigarren jardunaldiaren ardatz nagusia. Markina-Xemeinek topaketa hartu zuen, eta eskualdeko hainbat ikastetxetako eta lanbide-heziketako zentrotako DBHko eta lanbide-heziketako ikasleek —hala nola Lea Artibai Ikastetxekoek (Elikagaien Industriako Prozesuak eta Kalitatea, LH), Peñascal Kooperatibakoek (Jatetxe Zerbitzuak, LH) eta Markina BHIkoek— artzaintza eta artisau-esneki eta gaztagintza etorkizuneko proiektu gisa aukeratu dituzten hainbat gazteren esperientziak ezagutzeko aukera izan zuten. Horrez gain, Artzain Eskola programa ezagutu zuten. Hazik bultzatutako ekimen horrek hainbat lurraldetatik etorritako pertsonak prestatzen ditu urtero arlo horietan. Topaketaren grabazioa hemen ikus daiteke.

Gazta, herritar guztientzako jardueren protagonista

Mugaz gaindiko topaketa herritarrengana hurbiltzeko, publiko orokorrari zuzendutako beste hainbat jarduera antolatu ziren aldi berean.

Horietako bat pintxo-lehiaketa izan zen. Tokiko taberna eta jatetxeek hiru egunez proposamen gastronomiko berezi bat eskaini zieten bezeroei, gazta osagai nagusi zuena. Ekimenaren bidez, gaztak sukaldaritzan duen potentziala erakutsi eta produktu horren askotariko barietateak ezagutarazi nahi izan ziren. Guztira, 12 establezimenduk osatu zuten ibilbidea, eta epaimahai espezializatu batek bi pintxo nabarmendu zituen, lehenengo eta bigarren sariak emanez.

Azken jardunaldia urriaren 24an, larunbatean, egin zen. Gaztaren inguruko jai-eguna izan zen, eta bertan Artisau Gaztaren Azoka antolatu zen. Azokan, 6 gaztandegi txikik beren produktuak eta elaborazio-moduak ezagutarazi zituzten, artilearekin familian egiteko tailerrak egin ziren, eta aurrez aipatutako pintxo-lehiaketaren emaitzak aurkeztu ziren.

Gaztaren inguruko ospakizun-goizak ia 300 lagun bildu zituen. Ikusi jardunaldiko irudi gehiago hemen.

Gomendatutako albisteak

Gazten eta esnekien kalitate- eta jatorri-zigiluen gida

POCTEFA Know N Cheese proiektuaren barruan, gida bat prestatu dugu, kontsumitzaileei POCTEFA eremuko lurraldeetan (Espainia, Frantzia eta Andorra)

POCTEFA Know N Cheese Esneki Azokan: jasangarritasuna, berrikuntza eta etorkizuna gaztandegi artisauentzat

Datorren azaroaren 6an, Esneki Azokak POCTEFA KNC proiektuaren baitako jardunaldi teknikoa hartuko du. Sektoreko ekoizleei, profesionalei eta ekintzaileei

POCTEFA Know N Cheese mugaz gaindiko ekitaldia

Urriaren 22tik 24ra bitartean, POCTEFA Know N Cheese proiektuak mugaz gaindiko ekitaldia antolatuko du Markina-Xemeinen eta inguruan. Ekitaldiak